Zapoa hozkailuan gorde behar da 0 eta 4 gradu arteko tenperaturarekin, bilduta edo estalita, erreseina ez dadin; horrela, gehienez ere 2 egunez kontserbatu ahal izango dugu. Denbora-tarte horretan kontsumitu behar ez bada, gomendagarriena izoztea da.
Interes komertzial handiko espeziea da, eta oso estimatua. Zapo zuritik (Lophius piscatorius) bereizten da peritoneoaren kolore beltzagatik, eta larruazalean zehar ikus daiteke. Kono-formako gorputz bat du, oso buru handi eta zanpatua duena. Bertan, aho handi bat dago, zabala eta zirkuluerdi-formakoa, beheko masailezur irtenarekin eta hortz sendo, zorrotz eta kurbatuekin. Kolore aldakorra du, arre gorrixka edo grisaxka, orban ilunekin, eta sabel argiagoa, zurixka edo okrea. Ezkatarik ez duenez, azala leuna du. Tamainari dagokionez, ohikoena 100 cm-tik beherakoa izatea da, nahiz eta 200 cm-ra irits daitezkeen. Itsas hondoan bizi da, gune lohitsu eta hareatsuetan, itsasertzetik 1.000 m-ko sakonera gainditu arte. Neguan eta udazkenean kostaldetik urruntzen da. Arrainez (legatza, brotola...) eta tamaina handiko zefalopodoz elikatzen da.